Nafarroako Gobernuak 1,5 milioi jarri ditu 2024tik hona erronka demografikoari aurre egiteko, lurraldea biziberritzeko eta landa eremuetan biztanleria mantentzeko
Deierri, 2026ko azaroaren 10a
Deierriko ostatuan, Estellerrian, Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeek, Cederna Garalurrek, TEDERek eta EDER eta Erdialdeko partzuergoek garatu duten RuralNav 2026 landa berrikuntzako programaren aurkezpen jardunaldia egin da gaur. Programa Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, finantzatua izan da eta erronka demografikoari aurre egiteko, lurraldea biziberritzeko eta biztanleria mantentzeko ekintzak garatzen ditu, despopulazioaren aurkako Nafarroako Estrategiaren ildoan.
Jardunaldian zehar, Jesus Maria Rodriguezek, Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak, azpimarratu du “RuralNavek frogatzen duela lurraldeek ezagutza, gaitasunak eta baliabideak partekatzen dituztenean, posible dela Nafarroako landa eremuaren errealitatera egokitutako irtenbide berritzaileak martxan jartzea.” Ekimenak, gaineratu duenez, “lurraldeetan irauten duten tresnak, metodologiak, esperientzia pilotuak eta lankidetza-sareak sortzea ahalbidetzen du, eta Nafarroako landa-eremuek erronka sozial eta demografikoei erantzuteko duten gaitasuna indartzen laguntzen du“.
Bestalde, Deierriko alkateak, Marta Mendazak, ongi etorria eman die bertaratutakoei, eta nabarmendu du “RuralNavaren amaiera jardunaldia Deierriko bailaran egitea, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko irtenbide berritzaileen eraikuntzan gure herriek betetzen duten papera aitortzea ere” badela eta Nafarroako herrietan, toki entitateek, bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak bultzatzeko duten konpromisoari balioa eman dio.
Ondoren, TEDEReko gerenteak, Iñigo Nagorek, Nafarroako Tokiko Ekintzako lau Taldeen lankidetzaren efektu biderkatzailean jarri du fokua. Nagorek azpimarratu duenez, “RuralNavek frogatu du lurraldeen arteko lankidetzak emaitzak biderkatzen dituela. Esperientziak partekatzeak, ekimenak transferitzeak eta modu koordinatuan lan egiteak aukera ematen digu konponbide erreplikagarriak eraikitzeko eta etorkizunean aurrera egiten jarraitzeko oinarriak finkatzeko”.
Ibilbidearen hirugarren urtea
Edizio honekin, RuralNavek bere hirugarren urtea bete du, 2024tik 1,5 milioi euroko inbertsioa metatu du, urtero 125.000 euroko ekarpena eginez Tokiko Ekintza Talde bakoitzeko. Programa Nafarroako Tokiko Ekintza Taldeen barruan dauden 263 udalerrien lurralde-eremuan garatzen da, eta, epe guzti honetan, hamar diagnostiko eta azterketa baino gehiago, hogeita hamar esperientzia pilotu baino gehiago eta hamar jardunaldi eta prestakuntza-ekintza baino gehiago bultzatu ditu, lurralde osorako transferi daitezkeen ezagutza, tresnak eta esperientziak sortuz.
Jardunaldian, programaren aurtengo emaitzak aurkeztu dira, eta esperientziak eta ikaskuntzak partekatu dira, besteak beste, zaintzak, gizarte-kohesioa eta lurralde-lankidetza sendotu dira, funtsezko elementuak baitira despopulazioaren aurkako borrokan eta landa-inguruneetan biztanleria finkatzeko.
Guzti honetaz gain, 2026an egindako ekintzen laburpen-bideo bat proiektatu da, eta programaren emaitza nagusiak aurkeztu dira. Aurten sustatutako ekimenen artean, nabarmentzekoak dira tokiko zaintza-sareen esperientziak, zaintzaileei laguntzeko proiektuak eta Nafarroako landa-ingurunean biztanle berriak hartzeko eta elkarrekin bizitzeko zenbait ekintza.
RuralNavek hirugarren urtea itxi du horrela, Nafarroako Tokiko lau Ekintza Taldeen arteko lankidetzaren balioa berriro erakutsiz, landa-inguruneko erronka sozial eta demografikoen aurrean erantzun berritzaileak bultzatzeko, sareak indartzeko, tresna partekatuak sortzeko eta lurraldean errotzeko asmoa duten ekimenak sustatzeko.



